
Imajinatu zientziaren mundua krisiak jota, teoria bateraezinetan zatituta. Teoria bakoitzak errealitatearen ikuspegi erabat desberdina eskaintzen du.
Denbora batez, aurrerapen teknologikoak arrakala ezkutatzen du, baina azkenean hura ere kolokan hasten da, zientzia ez baita gai funtsezko galderei erantzuteko: Nor gara? Nondik gatoz? Nora goaz? Nahasmena zabaltzen da; jende zentzuduna iruzurgileen atzaparretan erortzen da. Antzinako paradigma bat desegiten hasten da.
Adimen argienek atsedenik gabe lan egiten dute ekuazio berriak aurkitzeko, baina funtsezko zerbait falta da zientziaren muinean. Etsita, espedizio ausart bati ekiten diote, arazoaren jatorriaren bila.
Era guztietako munstro eta igarkizunei aurre egin ondoren, taldea matematikaren eta logikaren erdigunera iristen da, eta han agerpen argitsu bat aurkitzen dute: «Osotasunak zatiak dauzka». Liluratuta geratzen dira: nola egon liteke oker hain agerikoa den zerbait? Kemengabetuta, laborategietara itzultzeko erabakia hartzen dute, mundu ezagunaren ilunabarra ikusteko prest.
Baina biologiako ikasle gazte bat atzean geratzen da. «Zergatik egon behar dute zatiek osotasunaren baitan? Inurritegi bat, inurririk gabe, inurritegi al da oraindik? Garun bat, neuronarik gabe, garun al da oraindik? Eskola bat, ikaslerik gabe, eskola al da oraindik? Beharbada zentzu handiagoa du alderantziz izateak: inurriek hartzen dute inurritegia beren baitan, neuronek garuna eta ikasleek eskola».
Isilean hausnartzen ari den bitartean, ideia argitsu txikiak dir-dir egiten du haren atzean. Astiro, galtzerdi bati bezala buelta eman eta eraldatu egiten da: «Zatiek osotasuna daukate».
Espedizioa itzultzen denean, mundua aldatuta aurkitzen dute. Jendeak jada ez du itsu-itsuan sinesten denboran eta espazioan; gertutasun berri bat sentitzen dute enplegatu eta enpresen, herritar eta hirien, gizaki eta gizateriaren artean.
Unibertsoa jada ez da hausturara arte hedatzen den hutsune hotz bat, mihise amaigabe bat baizik, non gizakiek beren iragan eta etorkizunekin hitz egin dezaketen. Errealitate berri horri izena emateko, hitz bat asmatzen dute: inpantsioa.
Teknologiak eta matematikek hor diraute, baina inork ez du espero zentzurik ez duten galderei erantzutea. Aro berri baten egunsentia da: konplexutasunaren aroa.